sábado, 22 de septiembre de 2012

EUSKAL HERRIKO IHAUTERIAK



EUSKAL HERRIKO IHAUTERIAK

Kristautasunaren egutegian Garizuma garrantzi handikoa da. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian penitentzia eta baru aro hau gogorra ohi zen; horregatik Garizuman sartu baino lehenagoko aldia alaiki ospatzen zen arau eta giza legeen gainetik, aro hitsa heldu arte. Dudarik gabe kristautasuna baino lehenagoko ospakizun za­harrak ere nahasi egiten ziren. Festa honek izen desberdinak ditu: iñauteak, iñauteriak, ihauteriak, iyoteak, ioteak, aratozteak, aretusteak, aratuzteak... azken hau -haragi uztea- Garizumako barauren iragarpena da.

Inauterietan herriak mozorroz betetzen dira, izen desberdinak hartzen dituztelarik: atxo (Leitza, N), txatxo (Lantz, Imotz, N), mozorro/moxorro (Goñi, N), momoxarro/ momotxorro (Altsasu, N), mamu­txarro (Urdiain, N), muxixarko (Artzibar, Aezkoa, N), zomorro (Goizueta, N), maskak (Luzaide, N), txitxila (Artaxona, N), kukumarroak (Bergara, G), txantxo (Elduain, Berrobi, G), mozorrotuak (Lizar­tza, G), kokomarroak (Elorrio, B), kokoxak (Marki­na, B), marro jantzita (Gernika, B)...

Gizarte arauak orain baino itoga­rriagoak ziren garaian inauteriek ga­rrantzi handiagoa zuten; Inauterietan dena haizu baitzen, gizarte molde guztiak bestelakatzen ziren: eskale zena aberats bilakatzen, gizonezkoak emaz­te, laikoak elizgizon, apezak apezpi­ku...

Iraultza hau ez zen agintarien gus­tukoa, jakina, horregatik behin eta berriz debekatzeko saioak egiten zi­tuzten, edota zigor galantak ezartzen; adibidez 1.601. urtean Iruñeko (N) Inauterietan apez batek, kalean kardi­nalarena egiteagatik, gogorki ordain­du behar izan zuen: bi urtez hiritik erbesteraturik, urtebete lan eta soldatarik gabe eta isun bat ordaindu beharra.

Hurrengo mendean debeku eta zigorrak gogortu ziren, baina hala ere inauteriek iraun zuten herriaren nahia zelako; XX. mende hasieran Tuterako (N) mozorroek -cipoteros- alkatea giltzaperatu zuten inauteriei hasiera eman ahal izateko. Espainiako gerlak (1.936-39) -Hegoaldea hain bortizki kolpatu zuenak- gure he­rrietako inauteri askoren suntsipena erakarri zuen, beranduago zenbait berpiztu badira ere Lantz (N) eta Altsasukoak (N) bezala.

Behiala Garizuma baino lehenagoko hiru ostegu­nak ospatu egiten ziren. Lehenbizikoak izakunde (Baztan, N), aitakunde (Bidankoze, N) edo gizakun­de (Uitzi, N) izena hartzen zuen, azken hau heda­tuena zelarik; bigarren ostegunak emakunde/ andrekunde eta azkenak orakunde/orokunde.

Inauteriak gizakundez hasten ziren; egun horretan zenbait herritan mutilek neskei, lepotik helduta, esaten zieten: zer aintzen diazu? Askatuak izan zitezen musu edo oparitxoren bat ordain eman behar zieten neskek. Emakun­dez gauza bera, baina alderantziz: nes­kek mutilei. Horrelaxe egiten zen Larraun (N) eta Araitz (N) ibarretan adibidez.Orakunde,guztien festa zen, Zigan (N) bezala. Beste herri askotan Zanpantzar izeneko pertsonaia erre­tzen zuten, Garazi aldean (NB) bezala edota Lapurdi aldean, Markitos Zal­duondon (A) eta Oreitian (A), Aittun Aundiya eta Amiñ Txikia Arbizun (N), Antxon Zarkua Irañetan (N), Miel Otxin Lantzen (N), Gutierrez Beranturin (A) eta abar luze bat.

JOALDUNAK

Ituren (N) eta Zubieta (N) herrietan iraun duten Inauteriak askoz hedatuagoak zeuden lehengo denboretan, Beintza-Labaien (N) herrian egiten zirelako berria ezaguna da, adibidez. Beintza-Labaienen punpak izena hartzen zuten, Ituren eta Zubietan aldiz joaldunak -zanpantzarrak-; ttuntturroak izena ere erabilia da, baina gutxiago, ttunttu­rroa buruan daramaten kaska izanik.
Astelehenarekin Zubietako joaldunek itu­rendarrei egiten diete bisita eta asteartean iturendarrek Zubietakoei. Aspaldian Ituren­goak Donezteberaino (N) ere joaten ziren, horretarako Elgorriaga (N) herritik iragan beharra zuten, alkateari baimena eskatu on­doren. Honek, herrian hildakorik bazen ala ez kontuan hartuz, isilik ala joka iragateko esaten zien.
Ez dute jantzi berdina iturendar eta zubie­tarrek, azken hauek ez baitaramate ardi la­rrurik lepoan, atorra zuria agerian bakarrik. joaldunaz gain gazte zenbait mozorrotu­rik ateratzen da (haien artean, batzuetan, hartza eta azkenik era desberdine­tan apainduriko gurdiak, baina dudarik gabe joaldunak dira ikusgarrienak; hauek, beren azantzaren bitartez, sorginak izuaraz­ten omen dituzte zaharren ustez.

LANTZ

Esan bezala pertsonaia bat erretzen duten Inauteriak asko dira, baina guztien artean Lantz (N) herrikoa famatuenetakoa da.

Herriko mutilek mozorroturik -txatxoak-, korrika eta oihu handiak sortuz, haur eta neskei erasotzen diete, eskue­tan daramaten erratzaz joka. Taldean zaldi itxurako bat -Zaldiko- eta oso dorpea den pertsonaia -Ziripot-. Zaldikok ostikaturik maiz erortzen dena, joaten dira. Txatxoak Ziripot lagundu eta Zaldiko lekutzen saia­tzen dira.





Multzoan ere gazte batek erraldoi bat -Miel Otxin- da­rama lepo gainean.

Bidean, txatxoek harrapa­tutako Zaldiko arotzek ferra­tuko dute bi aldiz, une desberdinetan.

Biharamunean, asteartez, bezperakoa erre- pika­tzen da, baina bazkalondoan -orain Zaldiko eta Ziripot gabe- Miel Otxin pilota lekura eramanik epaitu egiten dute. Gero txatxoek, joka erabilirik eta tiro bat botata, desegiten dute eta su ematen, zortzikoa bere inguruan dantzatzen dutelarik.

MARKINA

Markinan (B) hartza da pertsonaia nagusia. Hartza eta bere zaindaria kalez-kale ibiltzen dira dantzariek lagundurik; hauek dantzari batek daraman zahagia joko dute makilekin behin eta berriz. herriko zagi-dantza egiterakoan.

Arratsaldean antzar-jokoa egiten da. Antzara bat -hilik gaur egun- soka batetik dilindan jartzen da plazan eta zaldun batzuek, banan-banan azpitik pasatzerakoan, burua kendu behar diote besoen indarrez. Aitzinako denboretan Leitzan (N), Betelun (N), Lesakan (N) eta beste tokietan ere egiten zen; gaur egun Beran (Ñ) ere oraindik egiten da.


BOLANTAK

Nafarroa Behereko inauterien adibidea Luzaidekoa da. Nafarroa Garaian egon arren, geografia eta hizkeraz baxena- bartar herria baita.

     Inaute aroa pasatu ondoren, Pazko zahar igandez -Bolant eguna- ospatzen da.


Egiten den Kabalkada barnean pertsonaia bakoitzak bere tokia dauka. Hasieran zaldizkoak doaz, zaldi gainetik tokia irekitzen dutelarik ikusle artean. Makilariak, gainerako dantzaz gain, bere trebetasuna makilarekin erakutsiko duen dantza berezia du. Zapurrak lehengo armadakoen gisara jantzita daude, zurezko aizkora eramanez.

Zuriz eta txapelarekin jantzitako neska itxura duten diganteak bi mutilek eramaten dituzte. Banderariak ere bi izaten dira ikurriña eta Luzaideko Gazteriaren bandera eramaten dituztenak. Gorriak festa inguruko xehetasunez arduratzen dira: soinulariak bilatu, ordaindu... haiek ere biltzen dute poltsa batean ikusleek emandako dirua. Kabalkadako azkenak, bi lerrotan, bolantak ditugu, ugarienak.



Kabalkadak goizetik hasten du bere ibilaldia, geldi-aldietan beren dantzak eginez: Hegi, Ostalerrak, Iautziak, Muxikoak, Sorgiñak, Kontradantzak, Euskaldunak, Iantza-luze...

Arratsaldean, pilota-lekuan gaur egun, dantza guztiak errepikatuko dituzte berriz. Ondoren Axe ta tupina agertzen dira. Hauek bi gazte dira, nesken arropaz jantzita jositako buztan batekin, elorri arantzaz beterik eta eskua elkarri emanik sokatxo baten bidez; plazaratu eta gero jendeak jantziak edota buztana kendu behar dizkie; borroka latzaren ondoren, lortzen duena.


ZANPANTZAR

Lapurdiko Inauterietan mozo- rrotutako gazteak piltzar edo zirtzilak deitzen dira. Etxez-etxe puskak biltzen dituzte bazkaria egiteko. Gero Zanpantzar izene- ko pertsonaia, epaitu ondoren, erretzen dute. Zirtzilaz landa, herriko gazte kopuruaren arabera, Nafarroa Behereko kabalkadaren iduriko konpartsa antolatzen dute, banderaria buru delarik.

Atzean kaskarotak binaka joaten dira, gorriak dirua biltzen, ponpierrak, kotillun-gorriak ikusleek aldentzen eta errautsak bo­tatzen, azkenik jaun-anderia.

Auzoetan eske dabiltzalarik dan­tza desberdinak egiten dituzte: Maska-dantza. Xinple, Marmutx, fandango, arin-arin, soka-dantza, Zapatain-dantza, kaskarot-mar­txa, Makil dantzak eta abar.

                                                                                                                                    ORHIPEAN


miércoles, 19 de septiembre de 2012

BILBAO KLASIKOTIK PASEATZEN


             BILBAO KLASIKOTIK PASEATZEN



Kaixo gu kultura klasikoko ikasleak gara, eta izenak esaten duen bezala kultura klasikoa ikasten dugu: Grezia eta Erroma gehien bat. Hori dela eta aurreko egunean Bilbotik buelta bat eman genuen garai hartako zenbait adibide ikusteko asmoz. Denetarik ikusi genuen, eskulturak, arkitektura, baita ikurrak ere. Egia da adibide horiek ez zirela benetan garai hartan sortuak izan baina hala ere garai klasikoko artea eta mitologiaren erakusgarri argiak dira.
Hobeto uler dezazuen Bilbo klasikoa ezagutu dezazuen asmoz hemen utziko dizuegu ibilaldiaren adibide bat.

1.    BERREGIEN MUSEOA bisitatu genuen zeren eta garai klasiko eta Errenazimenduko eskultura famatu askoren kopiak daude hor, adibidez Samotraziako garaipena, Michelangeloren Moises…

2.  ARRIAGA: Arriagako eraikinean, Atlasen 7 alabak ikusiko ditugu, Atlantidak, Zeusek konstelazio bihurtuak. Maskarak ere ikusi genituen; maskarak, plazetan eta antzerkietan jartzen ziren antzezpenetan, aktore berberak paper bat baino gehiago antzezteko erabiltzen ziren. Arriaga antzokian, kanpoaldean, 9 musak daude (Klio, Kaliope, Melpomene, Talia, Euterpe, Polimnia, Erato, Terpsikore eta Urania). Arriaga plazaren ondoan dagoen eraikin baten goialdean, Ave Fenix baten eskultura dago. Fenixa mitologiako hegazti bat da, arranoaren tamainakoa; hego laranja eta gorriak ditu, piku gogorra eta azazkal luzeak eta bere errautsetatik berpizten zen behin eta berriz.

3.    ARENALA: Bertan 3 eskultura ikus daitezke:
·      Pan: Brontzezkoa. Aurpegi bizartsua eta animali itxura du. Gorputz iletsua, baina alamedako eskulturak ez du mitologia errespetatzen mutil eder baten itsura baitauka. Tu-tu bateko txirula jotzen ageri da.
·         Baco: Ardoaren eta antzerkiaren jainkoa. Mahats sorta bat du eskuan.
·         Tritoneak: Neptunoren kortejuen partaideak (erdi gizon erdi itsaso-zaldiak dira). 

4. UDALETXEA: bertan eskultura pare bat eta arkitekturako kolomak ikusiko ditugu. Eskulturan Legea (ezpatarekin) eta Iustizia edo Temis (Justiziaren eta zuzenbidearen jainkosa, ezpata eta balantza eskuetan) agertzen dira.

5.    GRAN VIA:
·  BBVAren gainean Hermes (jainkoen mezuari eta merkataritzaren jainkoa) jainkoaren eskultura 1922an eraikia.
· Espainiako bankuko kolomak eta kariatideak.
·     Farmazia gainean, 8. atarian Asklepioren (medikuntza-ren jainkoa) ikurra dago (kaduzeoa eta bi suge).

·         SHC bankuko Minerva (jakinduriaren jainkosa) jainkosaren brontzezko eskultura, 1950ean egina.  

6.  FORU JAUREGIA: Bi grifo (erdi-arrano erdi-lehoia) ikus daitezke; hauek Apoloren altxorrak babesten zituzten.

7.   MIGUEL DE UNAMUNO INSTITUTOA: Atenearen (jakinduriaren jainkosa) eskultura dago, 1926an egina. Hontza eta olibondoa Bertendona kalean dago kokaturik. Institutuaren eraikina ere egokia da miresteko.

8.  NAFARROA KALEA: taberna baten gainean, Atlasen (mitologia grekoko erraldoia, Klimenes eta Japetoren semea) eskultura ikus daiteke. Atlas Zeusengatik munduko Bizkar gainean eustera zigortu zuen betirako.

                      GARAZI CADIERNO, ANE LANDETA, IRATI ELORDUI ETA GARAZI OÑEDERRA